XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Biolentzia latentea eta Basileako bakearen izaera erlatiboa

200 urte igaro dira dagoeneko Basileako Bakea sinatu eta haren ondorioz Konbentzioko Gerra penintsulako lurretan bukatu zenetik.

Halarik ere, tropen erretiradarekin ez ziren gipuzkoarren penak ahitu eta konstatazio horretatik abiatu nahi du, hain zuzen ere, azterketa honek.

Izan ere, zera da lan honen asmoa, gure Probintzia gerragertakarien eta armada frantses eta espainiarraren menpean egon ondoren geratu zen egoera deskribatzea, uste baitugu aspektu hori ez dela behar bezala ezagutzen, gizarte tradizionala Gerra Karlisten bezperetan hautsi zenetik liberalismo ekonomikoan eta Estatu zentralizatuan oinarrituriko gizarterainoko prozesua ulertzeko gertakari garrantzitsua izan zen arren.

Gerrak eraso zuen jendea zein une larritan zegoen hobekiago ulertu ahal izateko, Gipuzkoako ekonomiak XVIII. mendearen azkenaldian bizi zituen zailtasunei buruzko ikerketa sakon batzuetara jo beharko dugu.

Krisi-kontestu batean egokituko gara, honenbestez, eta hobekiago ulertu ahal izango dugu giro politiko nahasiak eta gizartearen hauste prozesu hasi berriak larriagotu zuten ekonomia-egoera ahul hartan gerrak izan zuen eragina.